Badago erderaz esaera bat esaten duena «segundas partes nunca fueron buenas». Ez dakit asteburu honetan egindako jarduera hau nola kalifikatu…
Asteburu luze hau Bielsa eta Benasque aldean pasatzeko asmoa genuen Oskar eta biok, izotz eskalada eta mendiko eskia konbinatuz. Arrazoi ezberdinak medio, azkenean asteburua laburtu eta Tenako ibarrera berriro gerturatzea pentsatu genuen.
Eguraldi iragarpenak ez ziren oso garbiak, beraz, zalantzak medio, berriro Canal Royako izotz ur-jauzietara gerturatu ginen. Eguna goibel eta elurra eginez hasi zitzaigun. Mendiko eskiak jarri eta motxilazarra bizkar gainean genuelarik, ordu ta erdian eskalatzeko prest geunden.
Aurrekoan Os Diaples eta Opera Prima eskalatu genituen, beraz, gure mailarako bi aukera genituen; Banana Split edo Canal Roya Wall. Azken hau aukeratu genuen.
Canal Roya Wall hiru luzerako ur-jauzi bat da. III-4 zailtasuna duena (beste batean azalduko dut izotz eskalada nola graduatzen den). Eskalatzen hasi bezain pronto, egiten ari zen elurra geratu, eta euria egiten hasi zitzaigun. Berez, hau ez zen albiste ona, altuera horretan eta urtarril hasieran euria egiteak 0 gradutik dezente gora geundela esan nahi baizuen, eta denok dakigunez, izotza 0 gradutik gora urtzen da. Hau, oso arriskutsua izan daitekeelarik!
Bidearen egoera ez zen oso ona. Alde batetik aurreko egunetan elur asko egin zuelako eta ur-jauzian elurra dezente pilaturik zegoelako. Torniloak jartzeko eta pioletak fundamentuz sartzeko elurra dexente kendu behar zen.
Asmoa hiru luzeak eskalatzeko asmoa bagenuen ere, lehenengo bi luzeerak takada batean egin genituen. Bilera bilatzen ez nuela eta, izotzetan montatu nuen bi tornilo eta pioletez lagundurik. Oskar arin eskalatu zuen. Erabat bustirik eta haizeak gogoz jotzen zuela, hipotermia bat hartu baino lehenago jeistea erabaki genuen. Bi avalakov egin nituen eta beldurra ematen badu ere hortik jeitsi ginen.
Bueltarako bidean elurra oso pisutsu zegoen, botatako euriak oso astuna bilakatu zuen eta nahi baino gehiago kostatu zitzaidan Espelucienchako mendi-lepora iristea. Hau gutxi balitz, sokak eta eskalatzeko material guztia blai eginda genuen, sekulako pisua hartuz eta honek gutxi laguntzen zuen aurrera egiten.
Parkinera iritsi eta traste guztiak ahal genuen bezela sartu genituen. Oskarri Sallenteko kiroldegira jutea bururatu zitzaion. Bertan, bi euroren truke dutxa bero bat hartzeko aukera dago eta beste bi eurogatik toaila alokatzen dizuete. Honez gain, spa eta igerilekua daude, aukera paregabea jarduera hotz baten ondoren indarrak berreskuratu eta beroan berriro sartzeko. Horiek baina, hurrengo baterako utziko ditugu…
Hotza, bustirik, haizea, euria, kondizio kaxkarrak… hala eta guztiz ere bide dotore bat eskalatu genuen. Nork esaten du bigarren parteak inoiz ez direla onak izaten?