Gabonetako oporrak aprobetxatuz, Aloña ta biok Linza aldera jun gera. Eguraldi iragarpenak ostiralerako eguraldi pattala iragartzen zuen euririk gabe, larunbaterako eguraldi txarra eta iganderako aldiz sekulako eguraldi ona.
Ostegunean Izabara ailegatzen ari ginela elur malutak erortzen hasiak zeuden eta gure harridurarako Izabatik Zurizarako bidea elurtuta topatu genuen, aurrera egin ahala errepidea okerrago zegoelarik. Linzara ozta-ozta ailegatu ginen. Bazirudien aurreko egunetan elurra bota zuela.
Afaltzen ari ginela eguraldia hobetu eta izarrak ikusteko aukera izan genuen. Oskarbi zegoenez tenperaturak izugarri egin zuten behera. Goizean ordea, dena lainotua zegoen eta hego haizea nagusitu zen, hotza alboratuz.
Petretxemaruntz joatea erabaki genuen; Aloña, erosi berri genituen elurretako erraketekin eta nik urtebetetzeko auto-oparia ziren eskiekin. Nituen Nordika botak 15 bat urte izango zituzten gutxienez, eskiek Forumen merkealdi batzutan erositako Trab batzuk ziren, 1,70m-koak eta fijazioa Silvretta Pure batzuk. Botak erabat zaharkituak eta eskiak izurratuak zeuden eta ekipoa berritzeko garaia nuen. Hortarako, Dynafit markako Broad Peak 1,58 metrotako eskiak erostea erabaki nuen eta hauekin batera speed radikal fijazioak eta TLT 6 Mountain Cr batzuk. Aurreko ekipoak izugarri pisatzen zuen eta oraingoan zehozer arina nahi nuen. Beraz, mendira materiala estreinatzea jun ginen.
Abittu bezain pronto konturatu ginen elurra ez zegoela kondizio onenetan, goizeko 9ak izateko elurra oso hezea zegoen, asko bustitzen zuelarik, hego haizearen eraginez noski. Pixkanaka, goruntz eginez, tarteren batean elur gorrarekin topo egin genuen, ni eskiekin aurrera, baino Aloña, badaezpada ere, erraketak kendu beharrean topatu zen. Oso gustora igo nintzen, bixi, eskien arintasunari esker, eski berrien lehen inpresioa oso ona izan delarik.
Konturatzerako Linzako mendi-lepoan geunden. Haizeak gogoz jotzen zuen eta behe-lainoa bertan hasten zen. Egunak ditugunez buelta hartzea erabakitzen dugu. Fijazioak eta botak estutu eta beherako bidea hartzen dut. Noizbehinka gelditu eta Aloñari itxaroten diodalarik.
Hego haizearen eraginez elur asko urtu da, eta elur honek eta mendi-lepotik behera malda gutxi egoteak ez du uzten abiadura haundia hartzen. Beraz, beste egun baterako utzi beharko dut jeitsierako proba…
Gaua Izaban pasatzea erabaki genuen eta bertako taberna batean Gara irakurtzen ari ginela, Joxe Landak iganderako emandako eguraldi iragarpena ez dela ona ohartzen gara. La meteo que vienen kontsultatu eta Jorge Garcia-Dihinxek ere antzeko iragarpena ematen du, igande goizerarte jarraituko du larunbateko eguraldi kaxkarrak eta arratsaldean hasiko da eguraldia hobetzen.
Gaua Izabako parkinean igaro dugu… euripean. Gau osoan zehar euria egin digu, atsedenik gabe, eta iragarpenak ikusirik mendia beste baterako uztea erabakitzen dugu. Gaurko eguna turismoa egiteko erabiliz, Leireko monastegia eta Xabierko gaztelua bisitatuz.
Arratsalde partean Iruñean izan gara, zezen plazan dagoen eguberritako feria bisitatzen. Hortarako, nere anaia Urkoren laguntza izango dugu, azken boladan Iruñeako zirrikitu guztiak ezagutzeko parada izan baidu.
Haseran planteaturiko mendiko astebukaera, astebukaera misto batean bilakatu zaigu, mendizaletasuna eta turismoa uztartuz.
Ea hurrengorako zorte haundiagoa dugun…